Euskaraz Bizi mendi-postontziak

Fecha2025 | 05 | 27
Euskaraz Bizi mendi-postontzia

Euskaraz Bizi mendi-postontzien historia laburra


1995. urte inguruan, Lizarrako eta Paz de Zigandako ikastolek, Laskorain Ikastolarekin (Tolosa) eta Toki-Ederrekin (Gasteiz) batera, mendiaren inguruko jarduera bat sustatu zuten Euskaraz Bizi programaren barruan. Euskal Herriko hainbat mendiren tontorretan mendi-postontziak jartzea erabaki zen. Horrela, ekintza hau burutzean, lau ikastoletako familiak eta haurrak elkarren arteko harremanak sustatzeko eta gure hizkuntza aktibatzeko ekimenean biltzen ziren.


Urtero, lau ikastoletako bat arduratzen zen txandaka jarduera antolatzeaz. Mendia aukeratu, adin guztietarako ibilbide irisgarria osatu, postontzia diseinatu eta topaketarako hamarretako eta jolas jardunaldiak antolatzea ziren zeregin nagusiak.


Gure ikastolaren kasuan, jarritako lau postontzi nabarmenduko ditugu, bakoitzak oso esanahi berezia baitu Paz de Zigandako familia handiarentzat:
Lehena 1997an, Argitxo bat ezarri zen Treku tontorrean. Argitxo Euskaraz Biziko pertsonaia nagusia da, gure hizkuntzaren berreskurapenean argitzen gaituena, Postontzi horren bidez, aurreko urtean hil zen Jose Luis Gorostidi gogoratu nahi izan genuen, gure ikastolaren eta Euskaraz Bizi mugimenduaren bultzatzaile nagusietako bat.


2001. urtean, ETB Iruñerrian ikusi zeneko 15. urteurrena ospatu zen, hain zuzen, Aralarko Mikel Deuna sakristian ezkutatutako hargailu baten instalazioari esker lortu zena. Halaz, telebista-antena itxurako postontzi adierazgarri bat jarri zen Txorrotxeta mendiaren tontorrean, hain zuzen gure ikastolari lotutako pertsonek jarri zuten antenatik gertu. 2005ean, "Euskaraz Bizi mendi-postontzia" proiektua hasi zenetik 20 urte bete zirenean, Euskal Herriko Erdigune Geografi koan postontzi bat jartzea erabaki genuen. Felix Isasa ingeniariaren kalkuluei esker, Euskal Zentro Geografi koa Andia mendiko zonalde galdu batean kokatu zen, Lezitza mendiaren azpian eta Beriain mendiaren gailurretik gertu (San Donato). Postontzi hark Euskal Herriko mapa ardatz duen Ikastolen Elkartearen anagrama irudikatzen zuen. Zoritxarrez, postontzi hori nahita apurtu zuten.


Gauza bera gertatu zen 2010. urtean ospatu zen gure ikastolako Nafarroa Oinez jaiaren harira, Iruñeko gailurrik garaienean, Burutxekon, jarritako postontziarekin.
Zoritxarrez, jarduera hori desagertu egin zen, eta lau ikastoletako jendeak urtean behin gure hizkuntzaren eta paisaiaren inguruan elkartzeko aukera galdu zuen.

Horregatik guztiagatik, Nafarroa Oinez 2025 ospatzeko, “Buruz, bihotzez, oinez” lelopean, tradizio hori berreskuratzea erabaki dugu, eta 2025eko ekainaren 8an Ezkaba txiki mendian Euskaraz bizi postontzia jarriko dugu. Ikastolako komunitate osoa animatu nahi dugu igande horretan 10:30ean ikastolatik abiatuko den ibilbidea egitera.