Euskara ardatz duen hezkuntzaren erronkei helduz
Euskara ardatz duen hezkuntzaren erronkei helduz Nafarroan
Maiatzaren 13an, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak "Euskara ardatz duen irakaskuntzak Nafarroan dituen erronkak" izeneko jardunaldia antolatu genuen. Euskara biziberritzeko bidean, hezkuntzak zeregin erabakigarria du, eta Nafarroako gure testuinguru soziolinguistiko anitzak erronka bereziak planteatzen dizkigu euskal hiztun osoak hezteko.
Hain zuzen ere, XXI. mendean, euskarak behar du, agian inoiz baino gehiago, kontzientea den euskal hiztuna (euskararekiko motibazioa duena, euskararekiko atxikimendua duena eta euskararen aldeko hautua egiten duena), konpetentea (euskararen ezagutza-maila esanguratsua duena) eta koherentea (euskara erabiltzen duena). Ildo horretatik, Xabier Erize soziolinguistak eta Carlos Vilches soziologoak Nafarroan euskara sustatzearen inguruko jarrerei buruz oraintsu argitaratutako ikerketa-lanak indar berria eman digu hasieratik hartutako bidean aurrera egiteko.
NUPeko Ikasi Katedra (I-Communitas Institutoa) eta NIEren lankidetzari esker, hausnarketarako eta eztabaidarako gune aberatsa sortu genuen. Jardunaldian zehar, hainbat gai nagusi jorratu genituen, hala nola hizkuntza gaitasunaren eta kulturarekiko atxikimenduaren garapena, gurasoen inplikazioaren funtsezko rola, eta Nafarroako ikastolek lan horretan egiten duten ekarpen baliotsua.
Bi aditu ospetsu izan genituen gurekin gogoeta sakonak partekatzen. Jon Sarasua Maritxalarrek "hiztun osoago" kontzeptuaren inguruan egin zigun hausnarketa, hizkuntza gaitasunaren dimentsio guztiak barne hartzen dituen ikuspegia azpimarratuz. Bere hitzaldian, hiztun osoagoak lortzeko hainbat lan-eremu proposatu zituen, besteak beste, herri kulturarako hezkuntza (kantu, dantza, bertsolaritza, antzerkia, jaiak), kultura landuaren erreferentzia sistema (pentsamendua eta arteak) eta euskal kultur hezkuntza.
Bestalde, Paula Kasares Corralesek haurrak euskaldun hazteko gurasoen rol erabakigarria aztertu zuen. Azpimarratu zuenez, hiztun osoagoak hezteko ezinbestekoa da guraso aktiboak izatea. Horrek esan nahi du gurasoek euskara ikastea sustatu behar dutela, hitz egiteko gogoa piztu, eskolan ikasitakoa sendotu eta osatu aisialdiaren bitartez, euskara etxeko giroan presente egon behar dela (musika, telebista, irratia, liburuak, filmak...), eta euskararen bidez bizipen gozagarriak eman behar dizkietela haurrei. Familiaren inplikazioa funtsezkoa da haurrek euskararekiko atxikimendua eta hizkuntza gaitasuna garatu dezaten.
Jardunaldiaren bigarren zatian, Nafarroako ikastolek eguneroko lanean zeregin horri nola heltzen dioten bertatik bertara ezagutzeko aukera izan genuen. Ikastolok, testuinguru soziolinguistiko desberdinak kontuan izanda, hiztun mota hau lortzeko murgiltze ereduan lanean dihardugu. Hau da, gela, aisialdia eta familiak uztartzen dituen lanketa sustatzen dugu, sinetsita baikaude eremu formalean euskaraz aritze hutsarekin ez dugula pertsona ereduan finkatutako helburua beteko.
Ikastolek euskara ardatz duen hezkuntzan duten esperientzia eta berrikuntza pedagogikoak ezagutzeak gure konpromisoa eta egiten ari garen lanaren garrantzia berretsi zigun. Finean, euskaldunok, nafarrok ditugun erronkak dira euskara ardatz duen irakaskuntzak Nafarroan dituenak. Egunerokoan ikasleekin, familiekin eta irakasle zein hezitzaileekin elkarlanean arituz ekiten diogu zeregin horri, geure izatearen muina den ipar horri; dela eremu formalean arituz, dela ez formalean ekinez edota familian euskara ardatz duen murgiltze ereduan urratsak eginez.
"Ezina ekinez egina" dio gure aurrekoetatik jaso genuen esamoldeak. Ikastolok 2002an zailtasunez betetako bide bati ekin genion: Hizkuntz Proiektuaren diseinuari. 2009an argitaratu zen liburu hark hezkuntzan hizkuntzen auziari erreparatzen zion. Hezkuntza prozesuetan arrakastaz murgiltzeko erabakigarriak eta alboratu ezinezko bitartekoak eta lanabesak definituz. Horrekin, Mitxelenak hizkuntzak direnaz idatzitakoak genituen buruan: “Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabide eta adierazpide besterik. Ona da, beraz, elkarrekin mintzatzeko eta elkarri gogoetak adierazteko delarik, mintzatzeko eta adierazteko balio duelako; horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik, eta aizkora amutsa, berriz, txarra. Gehi dezagun ez dela berez hizkuntza amutsik, horrelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz dezakeen adina zorroztu ez dutenena dela soil soilik ardura”.
Nafarroako Ikastolen Elkartetik uste dugu euskara ardatz duen hezkuntza kalitatezko hezkuntza dela, gure ikasleak hizkuntza eta kultura aniztasunean hezten laguntzen diena. Gure erronka nagusia da ikasle guztiak euskal hiztun osoak izatea, euskaraz bizitzeko eta euskaraz garatzeko aukera izan dezaten. Horretarako, ezinbestekoa dugu eragile guztien arteko elkarlana: gurasoak, irakasleak, ikastolak, unibertsitatea eta, oro har, gizarte osoa.
Jardunaldi honetan azaleratutako ideiek eta gogoetek bide berriak irekitzen dizkigute etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Nafarroako Ikastolen Elkarteak lanean jarraituko du, euskararen garapena bultzatzeko, eta euskara ardatz duen hezkuntza eredua indartzen, gure ikasleen eta gure gizartearen onurarako.